Tailerrak

Edozein puntutatik has gaitezke, bai lekuari, bai momentuari dagokionez. Sofía Asencio

2025eko ekainaren 2, 3, 4, 5.
Ordutegia: astelehena 16:00 – 21:00 / asteartea, asteazkena eta osteguna 10:00 – 14:00.
AZALA KREAZIO ESPAZIOA
Dantzan Bilaka programaren partaideei eta euren taldekideei zuzendua.

Azken urteetan, parte hartzen dudan sorkuntza prozesuetan, gauza eszenikoei egiturazkoa zaienera bideratu dut nire arreta. Ez hainbeste pausoen eta gauzen sekuentzia antolatzen duen horretan, egituran berean baizik; zeina edozein ekintza performatibotan existitzen (edo tematzen) den, gutxi gorabehera kontzienteki.

Hala, eszena, distantzia eta angelu kontua dela iruditzen zait.

Esaldi hari, “segun eta nondik begiratzen den”, auzi egokia deritzot, baina nahiko murriztailea den enkoadraketa du abiapuntu, ilusio faltsu batera daramana, eta begiratzen duguna kanpoan edo behatzailearengandik bereizita kokatzen duena.

Posizio hori zalantzan jartzea, barruan sartzea da, azpian, alboz, edo egiten ari garen horrekiko distantzia handiz. Hain ikusgarria ez den leku batetik berriak emateko konpromisoa hartzea da, jakinik edozein puntu zaigula angelu bat emateko erabilgarri, eta horrek ekarpena egiten diola sortzen ari garenaren barruko espazioari eta kanpoko bolumenari.

Aldi berean erakutsi eta ezkutatu egiten duen angeluaren baldintza hori onartzeko, geruzatan banatu behar ditut gauza batzuek besteei eskaintzen dizkieten elkarreraginak, hain justu ere, ez kontrolatzeko, egiten uzteko baizik. Konplexua dirudi, baina sinplea da benetan, hala irakurrita nire arrarokeria bat badirudi ere. Badago hortik zerbait.

Beroketarako eta gorputzari erreparatzeko momentu bat egongo da saioetan, eta angelu horiek praktikatzen hasiko gara gero, haien bidez zer dagoen eta nola partekatzen dugun behatzeko.

Gustatzen zait honako ideia ere: artikulatzen dugun lengoaia pixka bat okertzera eta tenkatzera behartzen gaituela proposamenak.

Azkenik, proposamen hau artistek lanerako darabiltzaten materialak ekartzeko erabil dezagun nahi nuke, esperientzia honen bidez, erabiliko dugun materiala aberastu ahal dadin, eta denen artean behatu.

Societat Doctor Alonsoren laborategian E. X. E. E. R. C. Eren testuinguruan Évelleri egindako argazkia.

Sofía Asencio. Koreografoa. 

1989 eta 1993 artean, dantza garaikidea ikasi zuen Bartzelonako Institut del Teatre-n, eta aldi berean, revista musical ikuskizunean parte hartu zuen Tania Doris eta Lita Claver La Mañarekin; baita Music Hall La Belle Epoque-n ere. Aurrerago, lanean aritu zen Vicente Sáezekin, L’Anonima Imperial-ekin edota Mudances y Cía. ACTA-rekin, eta 1998an General Eléctrica kolektiboan sartu zen. 2000. urtean, Societat Doctor Alonso sortu zuen Tomàs Aragayrekin batera; konpainia eszenikoa eta ikerketarako eta ikuskizunen ekoizpenerako plataforma, beste artista ikertzaile batzuen konplizitatea ere baduena.

Testuinguru sortzaile gisa, Mapa Jaialdiaren zuzendarikideetako bat izan da 2004tik 2010era, eta Salmon-en eragileetako bat izan da 2021 eta 2022 artean.

Gaur egun, El Consulado-n egiten diren ekintzetan parte hartzen du, Valentziako Horta Sud-en dagoen arte bizientzako espazioan.

Scroll up