Egoitzak

Dantzan Bilaka programaren ardatz berrietako bat egonaldi artistikoak dira

Bertan parte-hartzaileek Euskal Herriko erreferentziazko arte-gune desberdinetan aste betez bizitzeko aukera dute, beraien prozesuetan eta taldean lanean murgilduz. 2024ko lehenengo bi egoitzetan —Artium Museoa eta Azala—, koreografia arloko bi profesionalek antolatutako bi tailer trinko jasotzen dituzte. Tailer horietan, koreografia eta mugimendu sorkuntzako praktikak lantzen dira. Aldamenean, aste hoietan, prozesu koreografikoen inguruko bide-laguntza artistiko profesionala jasotzen dute eta entseguetarako espazioak izaten dituzte.
Egoitza hauek ikerkuntzan eta koreografia-sorkuntzako prozesuen garapenean ikasketa sakon bat izateko gune gisa proposatzen dira.

Zentzu horretan, aste bakoitza hiru eremuren inguruan antolatzen da: tailer bat, proiektu bakoitza garatzen jarraitzeko entseguak eta azkenik, laguntza artistikoa, hausnarketarako eta feedback-erako gune gisa. Garrantzitsua da azpimarratzea, halaber, partaideen artean ezagutzak eta afektuak trukatzeko aldi baterako komunitatea sortzen dela eta honek ere ikaste prozesu desberdin bat bideratzen duela.
Hirugarren egoitza —Artium Museoa— egoitza teknikoa da, eta bertan urriko jardunaldietan aurkeztuko diren materialetan azken egokitzapenak egiten dira.

Scroll up