Tailerrak

Giroan Giro. Víctor Colmenero Mir

2026ko irailaren 7, 8, 9.
UHARTE ZENTROA

Giroan giro hiru eguneko topaketa bat da. Egun horietan, proposamen bat egingo dugu: arretaz begiratzea gertaera eszenikoak jazo litezkeen guneei. Dantzan Bilakaren kuratore Oihana eta Marinak “teknikarik gabeko teknika” tailer baten modura aurkeztu dute topaketa, izan ere, ohiko eszena-ekipamendutik abiatuta osatutako eszena baten ideia aldatu –fokuak, linoleoa, haga motorizatuak…–, eta eszena eratu nahi dute behaketatik, entzutetik eta ingurunearekiko harremanetik abiatuta.

Ibilbideen, behaketen eta jarduera praktikoen bitartez, geure buruari galdetuko diogu zer eskaintzen diguten gure bizilekuek: handiak dira? ala txikiak?, argitsuak ala goibelak?, pertsonak, animaliak edo makinak ibiltzen dira bertatik?, zer hots, erritmo, tenperatura eta ehundura hartzen dituzte beren baitan? Espazioa euskarri neutro baten gisara pentsatu beharrean, ikertuko dugu nola lagun diezaiokeen espazio horrek gure fikzioei, esperientziei eta kontaketei.

Topaketa honek ez du proposatzen proiektu jakin bati egindako begirada bat; aitzitik, parte-hartzaileen prozesu sortzaileen barruan jardun jasangarri bat txertatzeko aukera emango duen begirada bat, eszenikoa den hori irudikatzeko, kokatzeko eta partekatzeko moduak zabaltzeko asmoz.

Víctor Colmenero Mir. (Madril, 1986)) Víctor Colmenero Mirrek eszenaren inguruko operazioak eta gertaerak aztertzen ditu. Haren ustez, eszena gune egokia da elkartzeko, entseatzeko, desiratzeko, azpikerian aritzeko, intimitaterako edo entrenamendu politiko eta etikorako. Eszenografian lizentziaduna, Escuela SUR eta Scuola Conian (Claudia Castelluccik zuzendua) osatu zuen bere prestakuntza. Hainbat artistarekin jardun du lankidetzan, hala nola Itziar Barrio, Cristina Mejías, Alberto Cortés, Claudia Pagès eta Luis López Carrasco. Bestalde, hainbat testuingurutan lantzen du banakako jarduna, besteak beste Matadero Madrid, La Caldera, La Casa Encendida, La Capella, Vaga Açores edo CA2M-an.

Scroll up