Tailerrak

Praktika Espiritualak 1. Jaime Conde-Salazar

2022ko urriaren 7, 8, 9. TABAKALERA
IZEN-EMATEA (15€) urriaren 5era arte info@addedantza.org-en

Lantegi honek ezagutzeko eta jakiteko gure gaitasunen mugetara elkarrekin hurbiltzeko gonbita egiten digu. Siesta baliatuz, poesia nagusitzen eta logika irudimen bihurtzen den kontzientzia egoera batera iritsiko gara. Gorputz lasai bat, bere pisura abandonatua, entzuteari emana eta bere azalean atsedeten dena, baliabide perfektua da gutaz gaindikoaren erreinuan murgiltzeko. Hantxe biguntzen baita gizabanakoa eta egiten baitira muga indibidualak porotsu; hantxe agertzen baita sormen-lanerako aukera.

PRAKTIKA ESPIRITUALAK 1

Jo dezagun espirituala dela esaterik ez dugun edo ikusterik ez dugun edo aditzerik ez dugun edo ulertzerik ez dugun hori. Jo dezagun espirituala dela jakiteko gure gaitasunak gainditzen dituen hori, gure kontzientzia ernaiaz harago hedatzen diren alderdiak eta errealitateak agertzen dizkigun hori. Jo  dezagun espirituala dela jakitera iristeko aukera ororen sorburu den ziurgabetasunaren printzipio hori.

Erlijio, sinesmen, multinazional eta gainerako erakunde patriarkaletatik harago, hurbil gaitezen espirituala den horretara gure gorputzen bidez, gure haragitze partikularretako bakoitzaren errealitate aintzazkoaren bidez. Izan dezagun gure bilaketarako gidari gure presentziaren, gure gorputz bizien eta hemen eta orain preziatuen mirari hori. Ez baitago ahazterik gorputz-praktika dela, beste ezer baino gehiago, espirituala deritzogun hori.

Esan ohi dugu Filosofia eta Zientzia arduratzen direla ezagutzeko gai garen horretaz, eta Poesia, berriz, ezagutzera iristeko gai ez garen horretaz. Alderdi horretarik, zeregin poetikoa (duen forma duela ere eta erabiltzen dituen baliabideak erabiltzen dituela ere) beti dago zeregin espiritualarekin lotuta: kasu bietan hurbiltzen gara izendaezin dena izendatzeko aukerara, ikusezin dena erakusteko aukerara, isiltasuna entzunarazteko aukerara, denboraren eta espazioaren mugak desegiteko aukerara, eta, azkenik, ezkutukoa epifania bihurtzekora.

Alderdi espiritualari begiratzea da ezezagun den horri begiratzea; iristea puntu horretara zeinetan ezin baitugu egin nork bere mugak aitortu besterik. Gertatzen den bezalaxe sorkuntza-prozesu ororen jatorrian: ez jakitea da beti abiapuntua. Ezjakintasun horrek bultzatzen gaitu galderak egitera eta galderek ahalbidetzen digute ziurgabetasunean barrena nabigatzea eta, batzuetan, gauzak egitera iristea.

Praktika espiritualen lehen lantegi honek proposatzen digu kirika egitea ezezaguna den horri eta ziurgabetasunari, horiek harturik sorkuntza-prozesu ororen jatorri gisa. Horretarako, gure gorputzekin lan egingo dugu; bereziki, gure azalarekin, ukimenaren zentzua jokoan jarriz. Siesta-egoeran dagoen gorputz batetik abiatuta, hitzen, soinuen eta irudien bidez gai jakin batera hurbiltzea proposatuko du saio bakoitzak. Gure gorputz erdi lokartuek, guztiz erlaxatuek, zeregin bakarra izango dute errenditzea atsedenera; errenditzea, ezagutzeko gure gaitasunak zabaltzen eta hedatzen diren kontzientzia ez-produktiboaren molde gozagarri horietara guztietara.

Nahi duten gorputz orok parte har dezakete lantegi honetan.

  1. saioa: Pisua dut; beraz, banaiz
  2. saioa: Tenplu bat da nire gorputza
  3. saioa: Lotze eta bereizte gozagarria


Jaime Conde-Salazar s.u.s. 
(Madril, 1974) Artearen Historiako lizentziaduna da (1997, Madrilgo Complutense Unibertsitatea). MA in Performance Studies (2002, New York University) titulua lortu zuen MEC-Fulbright beka bati esker.  2003 eta 2006 bitartean, Alcaláko Unibertsitateko “Estrella Casero” Dantza Ikasgelaren zuzendari izan zen. 2009an, Erromako Espainiar Errege Akademiaren beka lortu zuen. Harrezkero, dantzari buruzko idatziak argitaratu ditu zenbait hedabidetan, sorkuntza-prozesuak lagundu ditu askotariko testuinguruetan, hitzaldiak eman ditu hemen eta han, eta oholtzara atera da aukera izan duen orotan. 2015ean, “La Danza del Futuro” (Contintametienes) eman zuen argitara. 2016an “Electrohumor” (Tabakalera/CA2M/Mercat de les Flors/La Fundición/Contenedor UMA) proiektua abian jarri zuen Barbara Sánchezekin batera. Eta, 2020an, “Cuadernos sobre el tocar” (Centro de Arte La Panera/CONDEGALI B.L.) bilduma plazaratu zuen Aimar Pérez Galírekin.

Scroll up