Amaia Cabero

Lurra jo hondarra ukitu

Proiektu honen helburua itsaslamiaz osatutako komando bat antolatzea da.
Itsaslamiok garai batean lurretik kanporatuak izan ziren emakumeen oinordekoak omen gara eta beti harremandu izan gaituzte gaizkiarekin eta bekatuarekin. Baieztapen hau kontrol estrategia bat dela suposatu dezakegu agiantarien arau eta konbentzio zurrunetara moldatzen ez den oro, lurretik kanporatua izaten delako eta ondorioz, normaren etsai bilakatzen delako. Lurrean bizirautea ezinezkoa bihurtzen denean, itsasoa besterik ez da geratzen.
Horregatik hitza lantzen dihardugu, abesteaz gain itsaslamiok esan beharreko asko daukagulako.
Horregatik ehundura ezberdinak lantzen dihardugu, harkaitzez gain, itsaslamiok bizileku asko izan ditzakegulako.
Horregatik mugimendua lantzen dihardugu, marinelak seduzitzeaz gain, antolatu eta elkar babestu behar dugulako.
Gure asmoa behinola desterratu gintuzten toki berbera aldarrikatzea da; gure genius locia, beraien mehatxua izan daitekeela argi uztea.

*genius loci: toki zehatz bat zaintzen duen izpiritu edo izaki mitologikoa.

 

FITXA ARTISTIKOA

Sorkuntza eta interpretazioa: Sasha, Leire Sanjurjo, Iñigo Rementeria, Amaia Cabero-Saizar
Zuzendaritza: Amaia Cabero-Saizar

 

BIO

Arte Ederretan graduatu ondoren, Dantzako Goi Mailako ikasketak egitea erabaki nuen. Betidanik interesatu izan zait gorputzak espazio publikoan nahiz pribatuan sortzen dituen eraginak ikertzea. Gorputza nola? noiz? zergatik? zertarako? zeinentzako? Galdera hauei erantzun nahian, testuinguru eta lengoaia ezberdinak harremantzen ahalegintzen naiz, betiere, mugimendu aniztasunean arreta berezia jarriz.

MATERIALAK

LURRA JO HONDARRA UKITU proiektuaren hasierako asmoa sirenaz osatutako komando bat eszenaratzea izan arren, prozesuan zehar ohartu gara, agian eszenaratzea bera baino interesgarriagoa dela SIRENA KOMANDOA sortzea eta honi forma ematea. Horregatik, momentu honetan KOMANDOA aktibatzen laguntzen diguten egoerak probokatzen dihardugu, KOMANDOA toki-egoera anitza, aldakorra eta malgua delako.

KOMANDORIK egon ezean, eszenaratzea iruzurra da.
KOMANDORIK egon ezean, eszenaratzea faltsukeria da.
KOMANDORIK egon ezean, eszenaratzea simulakroa da.
KOMANDORIK egon ezean, eszenaratzea kolonizazioa da.
KOMANDORIK egon ezean, eszenaratzea fetitxe absurdoa da.
KOMANDORIK egon ezean, eszenaratzea zero gunera itzultzea da.
KOMANDORIK egon ezean, eszenaratzea betiko arauen betikotzea da.

EZ DAUKAGU EZER ARGI ETA ARGI DAUKAGUN GAUZA BAKARRA DA: (…) somos un jodido coro sin sincronías, sin las cosas claras y de mareas vivas (…)

Scroll up