Iratxe Bilbao
“Mientras me aguante el aire”
Egun batean, familiako oroitzapen bat gordetzen tematzen zara.
Egun batean, kaxa bat aurkitzen duzu.
Kaxa barruan, argazki batzuk.
Arbasoen iraganeko gertaera bat erakusten duten argazkiak.
Migrazioaz, absentziez, ziurgabetasunaz, pausatutako denboraz mintzo den iragan bat.
ZAIN EGOTEA ZER DEN ERAKUSTEN DUTEN ARGAZKI BATZUK
Geroztik, etxeko etnografia moduko bat ehuntzen eta ehundutakoa desegiten dihardut tematurik, Penelope andreen ─migrazio-prozesuetan zain egon beharra suertatu zaien emakumeen─ errealitatera hurbiltzeko.
ZER GERTATZEN DA BIEN BITARTE HORRETAN?
Bien bitartea: absentzia agertzen denetik suziriak bezala erretzen diren bi gorputz berriz elkartu arte igarotzen den denbora-tartea.
Zer gertatzen zaio gorputzari zain dagoenean?
Nolakoa da zain egon bitarteko denbora hori? Zer lotura du espazioarekin?
Nola bihurtzen da absentzia presentzia? Non gelditzen da esentzia?
Zertan datza oroitzapenetik mugitzen ibiltzea?
FITXA ARTISTIKOA
Sorkuntza eta interpretazioa: Iratxe Bilbao
Argiztapena: Martin Barandiaran, Gorka Martín
Soinu espazioa: Mikel Bilbao
Jantziak: Ahida Agirre
Argazkiak: Leyre Arin
Laguntza artistikoa: Ibon Salvador eta Maia Villot
Kolaborazioa: Esaú Nava Ocampo
BIO
Iratxe Bilbao, 1988. Amak dioenez, hiru urte nituenetik ari naiz nire nahiak eta nire gorputza dantzarantz bultzatzen. Eszenan ez dut ia esperientziarik, eta nire lehen dantza-solo hau nire zain egote horren isla besterik ez da, berez. Bien Bitartean, hainbat ikastegitan ibili naiz neure burua prestatzen: Arte XXI (Argentina), Dantzerti… Bien Bitartean, dantza garaikideko eskolak ematen ditut eta haurrentzako produkzio batean aritzen naiz dantzari. Bien Bitartean, bultzatzen jarraituko dut.
MATERIALAK
HAUSNARKETA BATZUK
Itxaroteari buruzko ikerketak absentziarekin, denborarekin eta erresistentziarekin lotutako irudiz, bizipenez eta emozioz bete du ikerketa eta sorkuntza prozesua. Norbere eta besteren familia albumeko irudiek, zain dauden emakumeen lekukotzek, Peneloperen arketipoak, zain dauden biztanleen keinuen behaketak eta memoriaren gaineko gorputz lanketak lan honetarako fisikotasun zehatza eraiki zuten.
Hori guztia irudikatzeko interesgarriena zain zegoen pertsonaia bat eta horren inguruko iruditeria erabiltzea izango zela pentsatu nuen. Bat-batean gainditu egin ninduen hainbeste informaziok, eta blokeo handia eragin zidan material guztiak antolatzen saiatzeak.
Euskarritzat nerabilen karga narratiboa hustu, eta itxaronaldian jarri nuen arreta. Denbora hori iraupenarena da, ez azelerazioarena. Gelditzen direnak esentzia zaintzen geratzen dira, etengabe presente daudela leku berean eta une berberetan.
Praktika luzeak egiten hasi nintzen, eta haietan behin eta berriz errepikatzen nuen “Partitura Penélopes”, Homeroren Penelope ageri den zazpi margolanetan inspiratutako zazpi posturetan oinarrituta sortua. Ondoren gehitu nion denborarekiko jolasa, azelerazioa eta dezelerazioa, eta Lisa Nelsonen tunning score batzuk, hala nola pause, repeat edo rewind, azken hori ehuna egitarekin eta desegitearekin lotuta, Penelopek aurkitutako estrategia gisa.
Partituraren ekintza fisikoari denbora emanez, pertsonaiaren ezaugarriak beren kabuz agertu ziren; lekukotzetan bildutako emozioak eta ikerketan jasotakoa berez geratu ziren agerian.