Leire Aranberri

LOOSE LOOP

Loose Loop proiektuak atzerapen-gailu baten eraikuntzaren bidez hartzen du forma. Gailu horrek, proiektore batez, bideo-kamera batez eta irudia atzeratzeko programa batez osatuak, atzerapen zehatz eta aurrez finkatu batekin proiektatzen du grabatu berria den irudia.
Azken urtean, gailu hori aktibatzeko modua aldatuz joan naiz. Jarraian, hiru multzotan banatuta aurkeztuko ditut Loose Loop proiektuaren eraketan orain artean erabili ditudan lan-prozesuak.

1. multzoa: Errepikapena

PACAP4, Lisboa, 2020ko ekaina. Atzerapen-tartea: 6 segundo.

Gailu honi buruzko lehen hurbilketa unearen iragankortasunaren inguruan lan egiteko nahiak eraginda dator. Era berean, atzerapen-gailuak denboraeguneraketaren zirkuluak estutzen eta hurbiltzen dituen zirkuitu bat osatzen du, badenaren eta jada ez denaren –gaur egungoa denaren eta birtuala denaren, orain dagoenaren eta ez dagoenaren–– arteko harreman-moduak frogatzeko
errepikapenaren bidez.

Proiekzioa –orainarekiko sei segundoko atzerapenarekin– ekintza baten itzal geroratu bat bezala aurkezten da. Ekintza proiekzioaren eta egungo momentuaren arteko hurbiltasunak eskatzen duen berehalakotasunean gauzatzen da, eta gero proiekzio gisa berragertzen den iragan hurbil bati lotuta osatzen da; eta horren segidan proiektatuko den etorkizun hurbil bati lotuta.

Ba al du orainak bere baitan iragana barne hartzeko adina toki? Imajinatzen badut, eta, aldi berean, gogoratzeko begiratzen badut, zer ikusten dut?

2. multzoa. Beste errepikapen bat

Dantzan Bilaka, Artium Museoa, 2021eko otsaila. Atzerapen-tartea: 4 minutu.

Gailuaren konfigurazioan pare bat aldaketa egitea erabaki dut. Alde batetik, atzerapen-tartea handitu dut: lau minutukoa izango da orain; bestetik, banandu egin dut, espazioan, proiektatutakoa eta grabatutakoa, aurretik gainjarrita agertzen zena. Horrela, grabatutako irudia eta proiektatutakoa bata besteari begira agertuko dira. Horrek erabat aldatuko du begiradaren ikuspegia. Aurreko konfigurazioan, irudiari begiratzeak kamerari bizkarra ematea esan nahi zuen; bigarren fase honetan, kamera ekintzaren eta proiekzioaren artean kokatuta dago, ez bakarrik lekuko gisa, baizik eta subjektu eraldatzaile gisa.

Begiratzeko aukera emanda eta atzerapen-tartea zabalduta, konposizioa, lehen denboratasunean zentratuta zegoena, espaziora irekitzen da, bertan zerbait eraikitzeko asmotan. Zerbait horrek esan nahi du denbora organiko bat, grabitatezkoa, errebotekoa, sartzeko behar bat dagoela, pantailatik ihesi egingo duena edo pantailaren kontra joango dena, eta gailuaren teknologia bera zalantzan jarriko duena.

Nik ipurtaldea aukeratu dut bachata baten erritmoan errebote hori markatu dezan, gailuarekiko errepikapen paralelo gisa markatu dezan.

Nola errepikatuko du gailu honek erorketa hori? Eraginik izan lezake horrek
gailuan?

3. multzoa. Errepikatzen ez dena

Dantzan Bilaka, AZALA, 2021eko maiatza. Atzerapen-tartea: 30 segundo.

Hirugarren fase honetan, gailuari ihes egiten dion hori, errepikatzen ez den hori, harrapatzea da nire erronka. Horretarako, gailua bere denboratasunetik bertatik aktibatzen saiatuko naiz, kopiaren metrika logikoa baliatuta, eta saioa asperduraraino errepikatuta.

“Errepikapenarekiko zenbat eta leialagoa izan, orduan eta nabarmenagoa izango da hari ihes egiten diona” premisa aintzat hartuta, 40 minutuz arituko naiz hamar paper-orri lurrera botatzen eta lurretik jasotzen 30 segundoko atzerapentartearekin.

Proba honen beste bertsio batean, Nuria Martínekin (1) jardun dut lanean.
Gutako batek errepikapen-ekintza egin du, bestea kopia saboteatzen saiatu den bitartean, zirkuitua zabaldu nahian. Iruditu zaigu ez duela ongi funtzionatzen, eta alde batera utzi dugu “absentzia aktibatzeko” ahalegina.

Hasiera batean, denbora abstraitzeko eta hura osatzen duten ezaugarriak nahasteko gailua eraiki badut, oraingo honetan haizerik gabeko erakusleiho baten barruan harrapatuta sentitu naiz. Neure buruari galdetzen diot zer egin dezakedan zirkulu hori irekitzeko, errepikatzen ez dena gailu barruan edo kanpoan dagoen, errepikatzen ez denik ba ote den ere.

Batzuetan, gailua memoria protesiko edo USB moduko bat dela sentitu dut; beste batzuetan, erloju bat iruditzen zait.

(1) Nuria Martín Esteban (Bartzelona, 1994). Artearen historialari eta ikertzailea, proiektuan laguntzaile gisa jardutera gonbidatua. AZALAra bertaratutik, aurrez aurre hartu du parte proiektuaren fase honetan, lehenago zenbait online saio egin ondoren.

 

FITXA ARTISTIKOA

Ideia eta errealizazioa: Leire Aranberri Talayero
Laguntza artistikoa: Nuria Martín Esteban

 

BIO

Leire Aranberri (Bilbo, 1993). EHUn Medikuntzako gradua egin eta gero, Indian egon zen urte eta erdiz, Butoh dantza ikasten. Ondoren, Lisboara joan zen, PACAP4 (Performing Arts Advanced Program) egitera.
Gaur egun, Bilbon bizi da, medikuntzaren praktika dantzarekin eta koreografiarekin uztartuz.

 

MATERIALAK

Scroll up