Unbaptised infants

RITUAL

Agurtu dezagun “elephant in the room” hori. Pandemia presente egon da ipuin honen sorreratik bertatik. Ezin dugu ukatu haren eragina. Kontaktu fisikoaren falta, eta batasunarena, sumarazi digu. Aski da, bai. Segi dezagun.
Zer toki dute gaur doluaren, alaitasunaren eta berrikuntzaren adierazpen kolektiboek?
Adierazpen publikoko praktika femeninoak –hala nola dolua, erritu-dantzak eta sorginkeria– debekatuak izan dira historikoki, berekin dakarten beldurrarengatik –boterearekiko beldurra– eta modernitatearen narratiba arrazionalari ezartzen dioten mehatxuagatik. Lagin primario eta fisiko horiek behin eta berriz azpimarratzen dute ahozko hizkuntzak ez duela gaitasunik emozio guturalak
adierazteko. Baina guri lagin horiek erreklamatzeko eta praktika horiek zuekin partekatzeko gogoa sortu zitzaigun.

 

Hiletariak izan ditugu gidari bidaia honetan, bidaia bera hasi baino lehenagotik ere. Hemen dira oraindik. Emakume siriarren irudi hark –atzera eta aurrera kulunkatzen, hildakoak deitoratzen– lokarrarazi arte kulunkatu gintuen. Bizitza berri baten taupadarekin esnatu ginen hartatik.
“Erritual bat sortuko dugu! Gaurko. Batasunerako. Esanahi aldetik moldagarria izango dena, baina elkartasun eta batasun sentsazio bat emango diguna. Nola arraio sortzen da erritual bat? Sorgin modernoak izan gaitezke. Kanpoko plazetarako izango da. Jende askorentzat. Tira, ez: barne espazioetarako eta jende gutxirentzat izango da. Bueltatuko gara kalera egunen batean” (urtean zehar izan genituen elkarrizketen laburpena).
Ez da ez dakigula zertan ari garen. Ez, jakina badakigula. Ezta? Zerorrek bezala.
Zuk ere badakizu, ezta? Kontua da gauzok hitzez adieraztea batzuetan ez dela erraza izaten.
Amets bat izan nuen otsailean, honekin hasi bezperan: lau hankatan genbiltzan denak. Katamarka ari ginela, hondarra zerigun titietatik, arrastoa utziz egindako bideetan.
Egia bihurtu dugu nire ametsa.

 

Erakargarri zaigu ahalegin kontzeptua. Agian, ahaleginarekin batera, asmo, zentzu eta leku sentsazio bat sortzen delako. Eta horixe dugu irrika. Tentsioa bibrazioa da, tentsioa da, zera…
Aizkolarien eta harri-jasotzaileen deia jaso nuen. Beren gorpuztasun arra transmititu ziguten, eta baimena eman ziguten guk geure kirol tradizionalean
erabiltzeko.
Baina ez dezagun ahaztu bigunak garela. Haragia gara. Desiraz beteak eta maitasunez beteak.
Maiztasun handiago baten bilaketa horretan, elkarrekin abesten dugu. Rock izarrekin eta monjeekin abesten dugu, bertsolariekin eta kaleko mozkorrekin.
Oinez goazela, pentsatzen ari garela, dantzan eta lanean ari garela abesten dugu. Horretan, jainkosa bat agertu zen gure artean, gure ipurdi eta baginen kantatzeko ahalmena oparitu ziguna (Carolina Mendonça).

 

Kantuan ari nintzela, nire organoak bihurrika ari ziren nire baitan, eta gargola bihurtu nintzen. Gorputz grotesko honek ahots berri batez hitz egin zuen eta
bere istorioak kontatzen jardun zuen, eta puztu egin zen, bere tamaina halako hamar egin arte. Bere bihotzetik, AAAA! luze eta harro bat bota zuen ondoren, eta gorputza hustuz joan zen. Txikia eta babesgabea, puxika hustu bat bezain biguna, ia ezin entzunezko soinu batzuk egiten zituen. Bidaiak aurrera jarraitu zuen, ni kreaturaz kreatura igaro bitartean.


Soinu taupakari batzuk bidaltzen dizkizugu zure sabela bibrarazteko. Zu gure unibertsoan sartzea eta eroso sentiaraztea da gure nahia. Gure erritualaren bidez naturaz gaindiko botereak eskuratzen ditugula imajinatzen dugu, gure inguruko gorputzetan katarsia eragiteko gaitasuna ematen digutenak.
Espazioa garbitu dugu, prest dago lehen zirkuluaren ertzean lur har dezazun.
Muga sinboliko horrek espazio eta denbora arruntetik bereizten du leku hau.
Bere baitan batasun-indarra sortuko duen edukiontzi gisa balio digu. Zirkulu zentrokide bakoitza zu hurbilago ekartzeko gonbidapen bat da.
Espero dugu, agian guri begira hasiko bazara ere, gurekin begira bukatuko duzula azkenean.


Lurreratzea – Askatzea – Atseden hartzea – Hasiera


Guretzat bezainbat da zuretzat.

BIO

Lorea Burge Badiola (Londres/Bilbo, 1993) – Hannah Parsons (Bury, Erresuma Batua 1992).
Unbaptised Infants da Lorea Burge Badiola eta Hannah Parsons artisten arteko lankidetzak hartzen duen izena. Lankidetza hori 2015ean hasi zen. Guk koreografia- eta musika-materialak sortzen ditugu folkloretradizioan oinarrituta, eta poesia eta musika postmodernistatik ateratako konposizio-egituretan txertatzen ditugu gero. Emaitza koreografiko horrek badu sentimendu folklorikotik eta badu postmodernismoaren intriga formulista bat ere.

MATERIALAK

Scroll up