Koreografiaren alorreko sortzaile berrien prozesu artistikoen akonpainamendu eta laguntza programa
Dantzan Bilaka etengabe aldatzen ari den programa bat da, esperientziak kontrastatzeko eta koreografia-sorkuntzako prozesuak partekatzeko esparru bat irekitzeko asmoarekin sortua. Bertan, ideien eta lengoaia desberdinen aniztasuna sustatzea bultzatzen da, horrela Euskal Herriko koreografia-jardunari lagunduz. Aldi berean programak elkarrizketa erraztuko duen lan-testuinguru bat eskaini nahi du, hautatutako pertsonen sortze-prozesuak babestu, lagundu eta ikusarazteko helburuarekin.
1996an, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak laguntza-lerro bat jarri zuen abian koreografia-sorkuntzarako —Dantzako pieza laburrak sortzeko laguntza—. Diru laguntza jasotzen zuten proiektuak hurrengo urtean erakusten ziren koreografo gazteen erakustaldian. Erakustaldiak bere ikuspegi, helburu eta formatuari dagokienez bilakaera bat izan zuen; hala, 2007an Dantzan Bilaka programaren lehen edizioa egin zelarik. 2015etik aurrera Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea (ADDE) arduratu da programa horren antolaketaz eta kudeaketaz, 2015etik.
Bestalde, azken urteotan egindako hausnarketa-prozesu luze baten ondorioz -arte eszenikoetarako diru-laguntzen sistemaren berrantolaketa orokorrarekin batera-, azkenean erabaki zen Dantzan Bilaka programak aurrera jarraitzeak bi aldaketa garrantzitsu eskatzen zituela. Alde batetik, sortzaile ibilbidearen hasierako faseetan dauden pertsonei soilik eskaintzeko asmoa eta beharra; eta, bestetik, programak bere ibilbidean zehar oinarri izan dituen eta aintzat hartu diren bi ardatzak argi eta garbi uztartzearen garrantzia, alegia, sorkuntzarako laguntzen deialdia (orain arte programatik independentea izan dena), eta ondoren antolatutako topaketak, jarduerak eta aurkezpenak.
Beraz, Dantzan Bilakaren 2021eko edizioan gertatzen den aldaketa nagusia da hautatutako pertsonei ematen zaien laguntza ekonomikoa programaren jarduera guztietan parte hartzera bideratuta dagoela: sorkuntza prozesuetan mentoring bidez ematen zaien laguntza artistikoan, tailerretan, egoitza artistikoetan eta irekiera publikoko jardunaldietan. Jarduera guztiek garrantzi bera dute, hautatutako pertsonek jarduera guztietan parte hartzeko konpromesua hartu behar dute.
Batzorde artistikoko kideok, programaren jarraipenerako proposamenean egin diren aldaketak funtsezkoak izan direla ulertzen dugu, eta are gehiago hurbildu dutela bere hasierako helburuetara. Orduan, programaren antolaketa berriak parte-hartzaileek beraien esperientziak, prozesu artistikoak eta bizi-prozesuak partekatzea ahalbideratzen duen benetako esparru bat irekitzen du, aldi baterako komunitate artistiko bat sortuz, etorkizunean oihartzunak izaten jarraituko dituena.
Deialdia Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartearen —ADDE— arteko lankidetzaren emaitza da.
Dantzan Bilaka Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa arteko programa ibiltaria da, eta azken hiru edizio hauetan Artium Museoak (Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa), Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Dantzaguneak, Lekuona Fabrikak eta Azkuna Zentroa Alhóndiga Bilbaok hartu dute parte. Azala Kreazio Espazioarekin ere kolaboratzen du urtero, programa osatzen duten egoitzen bigarren aldia artikulatzeko funtsezko ardatz gisa.
Lantaldea
ADDE
ADDEren bulegoko taldeak laguntza eskaintzen du Dantzan Bilaka programaren kudeaketan, koordinazioan, ekoizpenean eta komunikazioan.
ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea da. 2003. urtean sortu zen eta sektorearen barne-kohesioaren alde eta profesionalen lan-baldintzak hobetzearen alde egiten du lan; dantzari eragiten dioten politika publikoetan bitarteko ari izaten: maila kulturalean, prestakuntza mailan eta maila laboralean ere. ADDEk dantzaren alorreko askotariko lanbideak jasotzen ditu, baita hainbat hizkuntza eta estilo desberdinak ere. Era berean, ADDEk dantzaren zabalkundea egiten du herritarren artean oro har, eta dantzaren ezagutza eta praktika sustatzen du, adierazpen artistiko, hezigarri eta ludiko gisa.
Isaak Erdoiza (2024 - 2025)
Ángela Millano (2023 - 2024)
(Gasteiz, 1987), koreografoa eta performerra. UCMen filosofian lizentziatua (2010), Madrilgo Mariemma Dantza Profesionaleko Errege Kontserbatorioan dantza garaikidean graduatua (2013) eta Praktika Eszeniko eta Kultura Bisualean masterduna (2012). Euskal Herrian, Madrilen, Lisboan eta Berlinen garatu du batez ere bere jardun profesionala. Bere praktika artistikoaren ardatz oinarrizkoa dira gorputza eta haren aukera fisiko, politiko eta poetikoak, eta transformaziorako desirak eta insistentziarako indarrak gurutzatzen dute. Egotearen, ikusaraztearen eta dagoenarekin egitearen arauekin lan egiten du. Asleep Images proiektua garatzen ari da 2018tik Julián Pacomiorekin batera, non gorputzaren, memoriaren, artxiboaren eta berridazketaren inguruan ikertzen duten, eta lanean jarraitzen dute oraindik. Gaur egun elkarlanean dihardu Blanca G. Teranekin ere, lo egitearen liturgiari buruzko Mixtape: Suavecito by dj_Sônia egitasmoan, eta bakarkako proiektuekin jarraitzen du, artista ezberdinen egitasmoetako interpretatzaile eta laguntzaile ere badelarik.
Maia Villot (2022 - 2023)
(Sevilla, 1977). Artista, arte-komisarioa eta liburu-saltzailea da, besteak beste. Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (2006). Hainbat lantegi eta mintegi egin ditu gero, ikusizko arteen, dantzaren eta performancearen alorretan, bere prestakuntza osatzeko. Gaur egun, “Praktika Artistikoen eta Kultura-ikasketen Masterra: gorputza, afektuak, lurraldea” egiten ari da, Huarte Arte Garaikideko Zentroan.
Bere praktika artistikoak kontenplazioarekin, entzutearekin eta irudiei beren kabuz hitz egiteko denbora ematearekin zerikusia duen arreta-mota bat sortzeko ideia du ardatz. Aukerak zabalduz, begiratzeko, entzuteko, egoteko eta irauteko beste modu batzuk proposatuz. Dagoeneko hor dauden gauzak agerian jarriz. Hainbat formatu eta diziplinatan dihardu lanean, proiektu bakoitzaren beharrak kontuan hartuta. Bai gorputza bai ahotsa oso presente daude haren praktikan.
Ibon Salvador (2021 - 2022)
(Bilbo, 1980). Koreografoa, performerra eta artista kolaboratiboa da. Gaur egun, Bilbon bizi da, eta Brasilen, Mexikon, Argentinan, Uruguain, Portugalen, Herbehereetan eta Espainian aurkeztu ditu bere lanak. Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (2005), eta Jarduera Eszeniko eta Ikusizko Kulturari buruzko masterra egin du Reina Sofía Museoan, Lecturas Irreparables (Irakurketa Konponezinak) proiektuarekin. Aldi berean, hainbat artistarekin aritu da bere burua trebatzen: Steve Paxton, Lisa Nelson, Idoia Zabaleta, João Fiadeiro, Vera Mantero, Katie Duck, Claudia Dias, Olga Mesa eta Bojana Kunst.
Bere azken lan artistikoan, sorkuntza- eta lankidetza-testuinguruetan garatutako tresna koreografiko espezifikoekin eta ikaskuntza kolektiborako gailuekin aritu da ikerketan Ibon Salvador. Dantzan diharduen gorputza eta hura aurkezteko (edo irudikatzeko) erabiltzen den aparatu eszenikoa problematizatzea interesatzen zaio, eta horrek zinematografikoa denarekin elkarrizketa bat aktibatzera eramaten du, gaur egun “post-zinema”koa deitzen duena (pantailatik atera eta (eszenaren) orainaldira itzultzen den gorputza) artikulatuz.
María Ibarretxe (2020 - 2021)
(Bilbo 1977) Artista bisuala eta eszenikoa, sorkuntza eszenikoaren, zinemaren, soinu-instalazioen eta koreografiaren artean mugitzen da. Bere praktika artistikoak besteen parte-hartzea, gorputza eta ahotsa ditu protagonista. Arte dramatikoan diplomatua, zuzendaritza eszenikoa ikasi zuen EICTVn, Kuban. Meg Stuart, Sofía Dias eta Vítor Roriz, Mark Tompkins, Jeremy Wade, Paul B. Preciado, Dominique Mercy, Simone Aughterlony, Bojana Kunts eta abarrekin ikasi zuen.
Sra Polaroiska kolektiboko kide da, Alaitz Arenzanarekin batera, eta Gure Artea 2017, sormen-jarduera onena, edo INJUVE ikus-entzunezkoa 2003 sariak jaso ditu. Aldi berean, beste artista batzuekin kolaboratzen du, hala nola Koen de Preter, Renate Keerd, Miriam Sedacca edo Makiyo Sakashitarekin. Lankidetza horiek kultura, estetika eta kontzeptu mailako irekierak ekarri dituzte. 2014az geroztik, etengabeko printzipioen eta amaieren zirkuluari buruzko hausnarketa egiten duen proiektu-prozesu bat garatzen ari da. Japonian, Hego Korean, Norvegian, Kurdistan-Iraken, Estatu Batuetan etabar. Bere burua elikatzeko eta zalantzan jartzeko testuinguruetan.